XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XALBADOR

Ez dut uste Xalbadorez mintza ditaikela bakarrik bertsolari on eta hoberenetako batez bezala.

Xalbador izen horrek gogorat emaiten daut arpegi bat partikulara, berezia, nuribeitekoa.

Xalbadoren sort-herri auzokoa, Aldudekoa izanez ni ere jaiotzez, arpegi hori haurra edo umea nintzalarik oraino ezagutu dut.

Haurra nintzanean eta berdin orai, bera hor ez dugula, arpegi horrek iratzartu ditu ni baitan gauaren mixterio nasai nahasia eta ber denboran, iguzkiaren argi distirant eta garbia.

Bazen Xalbadoren baitan gauaren mixteriotik.

Aize erauntsiz, hedoi beldurgarri eta gure arbasoen denborako otso itsusiez betea den gauaren mixteriotik.

Eremu ilunak sendi ziren hor irriskuz eta beltzez jauntziak, herio nagusiaren erreinu beldurgarria: dio Odolaren Mintzoan.

Ikus zer bertsu lerroak atera dituen bere adixkiden herioatzearen karietarat: Errexil bertsulari zenaren ehorzketaren ondotik berak erran zautan: Zenbat atseginekin ariko nintzan bertsutan Errexilen gorputza lur-peratu eta, hunen hil-harriaren gainean!

Bai, bazen gauaren mixterio ilun nahasi bainan aberatsetik Xalbadoren baitan.

Gau hori beldurrez bezein bizi nahi oldarrez ibilia zen.

Nik ikusten dut Xalbador hertsian, bere gizon mugetan, bere gizon estekak laxatu nahiz ari, artixta haundienak askotan ari diren bezala.

Su eta oldarrez betea zen Xalbador.

Azken urteetan eritasunak eta fedeak hel-buru batera hezi badute ere, ez dituzte su eta oldar hori ttipitu, bainan bai gorputz hartzerat deitu.

Ikus Odolaren Mintzoan abar tzar batek begian jorik ukan zuen ixtripuaren ondotik egin bertsuak: . Eta sendi azken bertsu hau dabilan bizi oldarra: .

Haurra nintzanean, nere haur zeruan, izar bat piztu zen, Xalbador izenekoa.

Zergatik izar hori haundituz joan da neretzat, zergatik horren distira, nizan adineko gizonean, nere haur erreinu hartan bezein argi ote dago?

Sendi baitut, hain segur, Xalbadorrek ez nauela enganatu, izar horrek erakutsia egia dela, Xalbador artist haundiak sendiarazi dautana BIZIA dela, bizi den gizonaren oiarzun beldurgarria, bai eta ere bizi den gizonaren bizi oldar ezin itoa, mila izarrez egina den haurraren erreinua!

M. I.